Sade gara

Guri buruz

Nor gara?

Seriotasun handiz hartzen dugu gozamena


Sade zinemetan, ondotxo dakigu aisialdi-uneak ihes egiteko tarteak baino gehiago direla, eta, batez ere, ondo merezia dugula guztiok gozatzea. Gure enpresak jatorri familiarra du, eta Donostian dauzka sustraiak; 1925etik, geure egiten dugu gure hiriko bizitza zirraragarriago bilakatzeko erantzukizuna.

Hori dela eta, irizpide propioa duen programazio bat eskaintzen dugu, askotarikoa eta kalitatezkoa, eta, horretaz gainera, bereziki arduratzen gara zinemaren inguruan zapore ona uzten duten uneak sortzeaz, beti itzultzeko gogoa ematen duten horietakoak.


Oroitzapen zoragarriek utziriko nostalgiak ekartzen gaitu Sade zinema-aretoetara, gure kontakizuna besteren narratiben bidez deskubritzeko nahiak, edo, besterik gabe, gozatzeko gogoak berak.

Horixe da zinemaren magia, eta horrexek mugitzen, hedatzen eta eraldatzen gaitu.

100 urte

Ehun urte daramatzagu zazpigarren artea donostiarren eskura jartzen, eta mende luze horrek ulertarazi digu zinema tresna indartsua dela kultura eta komunitatea sustatzeko.

Donostiako agertoki kulturalaren parte garen heinean, zinema-areto soil bat ez ezik, askotariko jaialdi, ziklo, zineforum eta aurkezpenen egoitza ere bagara. Guztiek ere kitzikagarriagoa egiten dute gure hiriko bizitza.

Historia

1913

Miramar antzoki-zinemaren inaugurazioa
1913ko abuztuaren 1ean inauguratu zen Miramar zinema-antzokia, Miramar aretoa izenez ezagutzen zena. Orotara, 697 besaulki eta 100 palko baino gehiago zituen.

1914

Arte Ederren jauregia irekitzea
Urte hartan eraiki zuten Arte Ederren jauregia, Espainian eraikitako zinema-jauregien lehen adibideetako bat. Ramón Cortázar (arkitektoa) eta Vicente Mendizábal (jabea eta eraikitzailea) izan ziren eraikinaren sortzaileak. Aretoak 1.426 lagunentzako lekua zuen: 730 besaulki, 103 palko-eserleku, 96 toki pasealekuetan, eta beste 497 anfiteatro eta galerian. Arte Ederren jauregia izan zen Donostiako Orfeoiaren egoitza 1977ra arte.

1922

Príncipe antzokiaren inaugurazioa
1922ko uztailaren 22an sortu zen Príncipe antzokia. Arabaolaza y Compañía enpresak —Mauricio Damboreneak eta Manuel Zuazolak kudeatuta— jarri zuen martxan 1.300 plazako areto berri hura. Aldamar kaletik zuen sarrera, garai batean Beti-Jai frontoia zegoen lekutik. Ramon Cortázarrek Donostian diseinaturiko hirugarren antzokia da; aurretik, Arte Ederren jauregia eta Miramar antzokia egin zituen.

1923

Trueba antzokiaren inaugurazioa
1923ko urriaren 1ean inauguratu zen Trueba antzokia. Guztira 2.000 eserleku inguru zeuzkan, eta Vicente Mendizabal e Hijos enpresarena zen.

1925

Sade enpresaren sorrera
1925. urtearen amaieran —Inozente egunez, abenduaren 28an— Vicente Mendizábal e Hijos eta Príncipe Films enpresek bat egin zuten, eta orduantxe sortu zen Sociedad Anónima Deportes y Espectáculos; hau da, SADE.

Vicente Mendizábal e Hijos enpresarenak ziren Miramar aretoa (1913), Trueba antzokia (1923) eta Arte Ederren jauregia (1914), eta Mauricio Damborenea tolosarrak gidaturiko Príncipe Films etxeak, berriz, Principe antzokia (1922) eta Donostia, Madril eta Zaragozako Jai-Alai frontoiak zituen. Hortik datorkio SADEri “kirolak eta ikuskizunak” izendapena (deportes y espectáculos), zeinak harriturik utzi baititu zinemagileak hainbat hamarkadatan.

Fusio horren ondotik osatu zen “hiriko zinema-areto gehienak kontrolatzen dituen eta Donostian zinema- eta antzerki-emanaldiak dinamizatzen dituen etxe handi bat”. “Haren kapital sozial garrantzitsuari eta hiriko bost proiekzio-aretoren gaineko kontrolari esker, Vicente Mendizábalen enpresak erosi ahal izango ditu Gipuzkoan emango diren izen handiko film gehienak, eta, hala, esklusiban lortu ahalko ditu AEBn, Alemanian eta Espainian unean-unean diren ekoizpen handiak”.

Enpresa eratu ondoren, Sadek Petit Casino edo Kasino Txikiaren gaineko kontrola lortu zuen, zeina garaitsu hartan ireki baitzen, urte hartako uztailean. Sadek lau lehiakide zituen une hartan: bata pribatua —Novedades aretoa— eta beste hirurak, berriz, errentan emaniko areto publikoak —Principal, Victoria Eugenia eta Gran Kursaal—.

1930

Zinema soinudunaren hasiera
Miramar eta Príncipe zinema-aretoek 1930ean inauguratu zuten zinema soinuduna, eta jendez gainezka egon ziren bi aretoak.

1941

Sade Madrilera zabaltzea
Saderen jarduera 1941ean hedatu zen Madrilera, eta urte hartan hasi zen zinema-emanaldiak antolatzen Teatro Madrid zinema-aretoan, zeina Carmen plazan baitzegoen. Aurretik, beste erabilera batzuk izan zituen: pilotaleku zentrala, 1899-1922; Zirku Amerikarra, 1923-1924; eta Teatro Madrid, 1943-2005.

1961

Astoria zinema-aretoaren inaugurazioa
1961eko apirilaren 2an —Pazko Igandea— inauguratu zuten Astoria zinema-aretoa. 1.524 eserleku zeuzkan, eta ekoizpen handien agertoki izateko bokazioa zuen.

1962

Sade, Zinemaldiaren egoitza
Donostia Zinemaldiak Astoria zineman egin zuen pantaila handirako jauzia, eta Zinemaldiaren egoitza izan zen handik aurrera.

1984

Kasino Txikia berriro irekitzea
1984ko irailaren 15ean, urte hartako Donostia Zinemaldiaren inaugurazioarekin batera, berriro zabaldu zuten Petit Casino edo Kasino Txikia. Areto askoko lehenbiziko zinema izan zen: hiru zeuzkan guztira.

1989

Astoria zinemaren birmoldaketa
1988ko udan itxi zuten Astoria zinema, eta, birmoldaketa handi baten ondoren, 1989ko ekainean zabaldu zen atzera: areto askoko zinemarik handiena bilakatu zen —zazpi guztira—. 2004an desagertu bazen ere, oraindik ere ondo gogoan dute donostiarrek. Berrinauguratzeko ekitaldian, zenbait dokumental proiektatu ziren, hala nola 1925eko Donostia, zinemari eta Donostiari omenaldia egiteko.

Astoria erreferentzia-gune izan zen zinemazale donostiarrentzat, harik eta 2004an itxi zuten arte.

1991

Trueba zinema berria irekitzea
1989an Trueba eraikina eraitsi eta antzoki-jarduera eten ondotik, 1991n zabaldu zuten berriro Trueba zinema. Ekipamendu berriak bi areto ditu, eta Secundino Esnaola kaletik dauka sarrera (aurreko antzokiak, aldiz, Mirakruz kaletik izan zuen sarrera 66 urtez).

1995

Príncipe areto askoko zinema gisa zabaltzea
12 hilabetez birmoldaketa-lanak egin ondoren, berriro zabaldu zuten Príncipe zinema, baina areto batekin baino gehiagorekin. Eraberritze-lanen ondotik, Zuloaga plazatik dauka sarrera.

1997

Garbera Zinemak 7 irekitzeko ekitaldia
Garbera merkataritza-gunea sortzearekin batera, 1997ko abenduan, Garbera Zinemak 7 ireki zuen Sadek. Guztira zazpi areto moderno zeuzkan, zeinak 2004ko otsailaren 4ra arte egon baitziren martxan. Horixe izan zen merkataritza-gune batean kokaturiko areto askoko lehenbiziko zinema Gipuzkoan.

2005

Antiguo Berri zinemaren inaugurazioa
Antiguo Berri zinema estreinatu zen. Areto bat baino gehiago dituen zinema horrek Donostiako zinema-sektorearentzat zailak izan ziren urteetan ekin zion bideari, baina sendotu egin da bertako ikusleen eta bisitarien artean.

2020 - gaur egun

2022ko irailaren 14an, Donostia Zinemaldiak ohorezko Zilarrezko Maskorra eman zion Saderi.

2022ko uztailean, Príncipe zinemak mende bat bete zuen, 1922an ireki zutenetik.

2023an, berriz, Trueba zinemak bete zuen mende bat

Sade zinemak

Cines Príncipe Donostia San Sebastián

Príncipe

Príncipe da Saderen hiru zinemetatik handiena. Donostiako Parte Zaharrean dago, eta unean uneko panorama zinematografikoaren begirada propio bat eskaintzen du; hala, askotariko proposamenak egiten ditu, gaiei eta publiko objektiboari dagokienez

Cines Trueba Donostia San Sebastián

Trueba

Sade zinemen proposamenik boutique edo bereziena da, eta autore-zinemaren adierazgarri gisa finkatu da Donostian.

Cines Antiguo Berri Donostia San Sebastián

Antiguo Berri

Antiguan kokaturiko zinema hori auzotarren gustuetara egokitzeko etengabeko apustuarekin jaioa da, eta halaxe jarraitzen du gaur egun ere.

Lankidetzak

Gure historian, hamaikatxo eratako lankidetza-programak izan ditugu: zinema, artea, jazza, gastronomia, jaialdiak, antzerkia, dantza, eta askoz ere gehiago...

100 urte daramatzagu gure hiriko agertoki kulturalean bitartekari-lanak egiten.

Sade gara

Ia mende bat daramagu planik onenak sortzen espaziorik onenetan, bakarrik edo lagunartean goza dezazun.

Gure markak unerik onenen muina eta berezitasuna irudikatzen ditu, eta bereziki arduratzen gara zinemaren inguruan zapore ona uzten duten uneak sortzeaz, beti itzultzeko gogoa ematen duten horietakoak.

Beti nahi izaten da “Sade leku” bat, toki autentikoak baitira, biziak eta bereziak, eta bete-betean egokitzen dira gozamenerako.

Non erosi sarrerak?

Zinemako leihatiletan eta kafetegian

Zure menua online erostean, 1 € ere aurreztuko duzu. Oso erraza da: menu bat gaineratu behar duzu sarrera eskuratzeko unean, eta, zinemara iristen zarenean, zuzenean jaso ahal izango duzu zure eskaera. Abantailak besterik ez. ;)

Internet bidez

Ikusgai dauden film guztietan, zuzeneko ikono bat duzu sarrerak erosteko, eta, ondoren, leihatiletatik kanpoko makinetan jaso ahal izango dituzu.

Kutxazainetan

Zinema guztietan erosi ahal izango dituzu sarrerak (komisiorik gabe), leihatiletatik kanpo apropos gaitutako kutxazainetan.

Izan nahi duzu nobedade guztien berri?

Tratamenduaren arduraduna: Sade. Xedea: eskatutako informazioa bidaltzea eta harpidedunak kudeatzea. Legitimazioa: interesdunaren baimena. Hartzaileak: newsletterraren eta marketin-emailaren harpidedunak. Informazio gehiago gure pribatutasun-politikan.

Babesleak:

Europa Cinemas Creative Kultura Ministerioa Eusko Jaurlaritza Next Generation Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Plana